2016/05/21

Txontxongiloa

Txontxongilo bat da haur aulki batean jarria. Aulkia espreski du beretzat. Inozentzia kotsia aireratzen du.
Txontxongilo guziek bezalakoa da: ez da “ederra”, ez du gorputz harmoniatsua, inperfekzio zenbait baitute ardura, batzuetan bat baino gehiago, agian horrek ditu gure eitekoak bihurtzen: begi bat makurra, itxura potoloa, matelak gorriegi, jantzi oihala modaz pasatua.
Bizkitartean, hauek ongi jasaiten badaki eta txontxongiloak eragiten digun ezerosotasuna, batzuetan beldur kotsia, ez dator akats fisikoetatik. Ondoeza bitxia sortzen digu, mintzatzen hasiko denean handiagoa baizik izanen ez dena.

Eta badirudi berak badakiela hori dena, gugan sortzen duena. Gure begirada edozein izanik ere, errateko duena erranen du berdin, gardenki, trabarik gabe, pentsaten duenaren isla zuzena helaraziko digu baherik gabe.

Bizia ematen dionaren errespetuz, uzten gaitu sinestera dioena bizia ematen dionak diktatua zaiola, uzten gaitu pentsatzera agintzen diogula, menperatzen dugula, baina tiraka eragiten dioten hariena itxura kontua da.

Biziaren nekeziarik handiena, gure hitzak nehork eta deusek ez diktatuak izatean datza. Txontxongiloak maila bateraino pentsarazten digu munduratzen duena gurea dela. Baina badakigu ezetz. Dioenak ondoriorik ez duela uste duenak ez du neurtzen norainoko eragile indartsua den panpina.

Txontxongiloak beti behar dena baino gehiago dio, beti sakonago dena, beste gisaz aitortuko ez geniokeena gure buruei, nork daki, genituela ez genekien gogoetak ere azaleratuz.

Txontxongiloa haur aulkian jarririk dago oraindik, isilik. Eta arrangura hori, altxatu eta dantzan hasiko denetik eta berriz lurrean utzi artean: zein da geroxeago aurpegiratuko didan egia?




iruzkinik ez: