2017/05/02

Bazterketa - Herri Urratseko kanta-bideoa

Hastapenean, aurtengo Herri Urratsen kantua entzun nuenean, hitzen haritik izigarriko samina eta erresumina sentitu nituen. Baina hori bideoa ikusi baino lehenago zen. Gero ikusi nuen bideoa eta hor trantsiturik gelditu nintzen.





Sumindura baita ere bitxiki holako deserosotasuna.

Deserosotasuna, hasieran harrigarria iruditu baitzitzaidan ikastolen festa izan behar duen egunaren kantuak hainbesterainoko auhen doinua izan zezan, harritu hautu hori egin izanak diot. Are gehiago bideoak ilustratzeko hartu duen bidea, bazterketatik pertsekuziorainokoa, eta planoz plano nola garatzen den estigmatizazioa, mantalina beltza eta guzti. .

Izan ere, azken urteetan kanta aski edulkoratuak plazaratu izan dira, ez urtero baina maiz, usu haurrek eginak, ia denak pesta giroko erritmo eta hitzetan. Hain zuzen ere hori bihurtu delako Herri Urrats, hala nahi izan dugulako bihurtu, pesta eguna, hastapeneko aldarrikapenari eutsiz baina molde agian arinagoan. Problema, beti ere, besteak baitira, justuki erakarri nahi ditugun horiek, euskarara hurbilarazi nahi genituzkeenak. Eta horretara ohitua bainintzen, hain ohitua non normalitatetzat bainuen hori dena.

Hala nahi izan zen egin, ikastolen hedapenaren ahalbidetzeko eta egunari bere arrakasta segurtatzeko eta jarraiki zen bide horretatik agian, ez dakit, Elkarteko jendeak azaldu beharko luke.
Paradoxa da, maiz guk heldu nahi genuela jende batengana eta azken hau elkorra izan dela. Harago, horietarik zenbait gure kontra, euskararen kontra egiten zuten bitartean, altxatzen zirela (eta direla).

Gaur ez da nehor ozenki zuzenduko zaigunik erraiteko gure hizkuntzak, gure proiektuak ez duela balio, debaldeko indar xahuketa dela, petzouilla atzeratuentzako kontuak direla, traba direla. Nehork ez du goraki erranen, anitzek pentsatuko du. Zenbaitek ekinen du ere baztertzeko, enpantxuan bailuen.

Hots, hautua harrigarria baina, oso egoki iruditu zitzaidan. Gaurko egunean ere mespretxupean jarraitzen dugun heinean. Zeren, ororen buru, hala baita. Momentu batean hizkuntza politika ofizial bat martxan eman bada ere, argi da honen ahala mendreegiak eta maiz koherentzia eta nahikaria maila diskutigarriak direla ondorio kontentagarririk ekartzeko. Euskaldunek bide horretan, sinetsi dugu hizkuntz politika bat eginen zela, egiazko bat, hegoaldekoei begira begiak zabalik amesten genuenaren heinekoa eta segurki gurea zen borrokaren parte bat delegatu diogu, bere gain hartuko zuelakoan edo, nik dakita, nekaturik behar bada, berdin dio. Kontua da ez duela atzo baliabide militanteek lortzen zutena baino anitzez gehiago aitzinarazi afera.

Hori guztia Amets Arzallusek nik baino hobeki esplikatzen du dudarik gabe.

Batzuei segurki ez zaie gustatuko, oroitaraziko digulako eguneroko kalbarioa eta anitzez goxoagoa baita kontatzea lorpenak zein ditugun, haiengan fokalisatzea, galdu dugun guztiari begira geratzea baino. Holakok aipatzea beti geroagoko uzten da, inoiz heltzen ez den indar harremanaren unean erabiltzeko, noizbait, heldu den urtean araiz, kuraiarik aski eta ausardia doia izan denean. Auskalo. Ez baita sekulan ordua aipatzeko molestatzen duena, euskararen kasuan bezala beste hainbat gai, baina horiek beste baterako utziko ditugu (emazteen dretxoak, presoen askatzea, phalokraziaren desmasiak...)

Halere, ordu da. Ordu da mahai gainera ekartzeko bazterketaren gaia, beste maila batzuetakoak eginen genituzkeen bezala, hizkuntza mailakoak ere. Nahikoa baita zangopila gaitzaten eta irribarre goxo zain gaitzatela ahoa zabalik leher egiten dugun bitartean.

Hautu horiek eskertzen ditut.
Otoi, norbaitek ba al daki nor den mintzatzen entzuten den emaztea kantaren erditsutan? Aitzinetik milesker!




ZUZENDURIK:

Artikulu hau idatziz geroztik, bi pertsona nirekin sartu dira harremanetan errateko bideoan entzuten den pertsona hori Dominika dela, Itsasuko Mixele Agerreren amatxi Dominika, Aritzakungo Iñabideko bordakoa, geroztik zendua. 

Jon Maiak zuzendu Bidaia Intimoak dokumentalean agertzen da mintzo eta handik hartua da soinu zatia. 
Bestalde Mikel Hiribarrenek bere liburuan 74-75 orrialdeetan aipatzen du Zelaiko Dominika
aritzakundarra.


Milesker handia bihotzetik Mayi Iza  eta Xabier Azkue irakurleei! 
 

iruzkinik ez: